Bakailao freskoa azalorearekin eta berduratxoekin papillotean

Zapore-konbinazio ederra, garaian garaiko barazkien arabera nahieran molda litekeena, baina bakailaoaren ezaugarriez gozatzeko aukera paregabea eskainiko duena beti. Kaloria gutxiko eta proteina eta bitamina ugariko plater zaporetsu hau primerakoa da edozein kirol praktikatzen duenarentzat.

Osagaiak: 
  • 4 xerra bakailao-solomo fresko garbi
  • Azenarioa zurituta eta moztuta
  • 2 azalore-adartxo (‘azalore-arroz’ katilutxo bat osatzeko erabiliko ditugu)
  • Kolore gorri, hori eta laranjako 3 piper mini
  • Tipula bat
  • 4 baratxuri-ale
  • Tipulin-adar batzuk
  • Gatza eta piperbeltza
  • Papilloterako 4 paper-orri
Pertsonak: 
4
Denbora: 
25 min.
Zailtasuna: 
erraza
Prestaketa: 
  1. Prestatu barazkiak papillotean Moztu azenarioak, koloretako piperrak, tipulak eta baratxuri-aleak tira finetan. Azalore- adartxoak birrindu, ‘azalore-arroza’ lortzeko (arroz zuriaren ordezko modura erabiliko dugu errezeta honetan). Papillotezko 4 paperetan banatu nahaskia, eta solomo-xerra fresko bana jarri bakoitzaren gainean, gatza eta piper-hautsa botata eta tipulina tira finetan moztuta.
  2. Egin paketetxoak eta sartu labean Bildu ondo pakete bakoitza eta jarri erretilu batean labean potentzia leunean 15-20 minutuz edo mikrouhin-labean 5 minutuz. Atera itzazu eta utzi paketeak ireki gabe, osagaiak bertan egos daitezen, eta zerbitzatu paketeak banako plateretan.
  3. Bilgarria ongi osatzeak ematen du lana! Papillotean kozinatzea erraza eta azkarra da, baina zaila da bilgarri on bat lortzea, ahalik eta hermetikoena, egosketan likidoak ateratzen utziko ez dituena eta, horrela, osagaien zukuak labean edo mikrouhinean nahasteak ematen duen zapore naturala har dezan. Hori lortzeko, papillote tradizionalaren papera erabil dezakezu, eta pakete bat egin horrekin, lokarriz lotu dezakezuna, edo, erabilgarriagoa izango zaizulakoan, zuzenean aluminiozko paperean bilduta ere egin zenezake. Egosketa-mota hau gustuko dutenentzat, ordea, onena labean edo mikrouhinean sar daitekeen papilloteentzako platino silikonazko kazola berezi bat erabiltzea da.
  4. Zein da emaitza? Janari beroa, zaporetsua, arina eta kaloria gutxikoa, baina proteina, zuntz, bitamina eta mineraletan aberatsa. Arrozaren ordez azalorea jartzean, karbohidratoak gutxitzen ditugu eta arroza egosi behar izatea saihesten dugu. Plater bakoitzak 223 kilokaloria baino ez ditu, eta apenas koiperik, baina proteinen eguneroko beharren % 85 ematen du; ez hori bakarrik, baita A eta C bitaminak, B multzoko bitaminak (B3 eta B12 bereziki) eta, mineraletan, magnesioa, fosforoa, potasioa eta selenio-kopuru handiak eman ere. Osoetan osoa da plater hau, bapo jateari uko egin gabe giharra landu eta koipea galdu nahi duten kirolarientzat benetan aproposa.