Hasierako urratsa da denetan zailena

Baloia zelairatzearen unea da urduritasun gehien eragiten duena. Pilota joko-gunera sartzen den une erabakigarria bezalakorik ez dago. Lehenengo pedalkada aldapagora egiten da. Korrika hasi aurretitxeko luzamenduek zirrara (edo nagikeria) sorrarazten dute. Aurrekariak dira. Ondoren etorriko den entrenamenduaren, partidaren edo kirol-saioaren atariko. Erabakia hartzea eta urratsa ematea da zailena. Kirolaren gozamena dator gero.

Eta horixe da webgune berri honekin gertatutakoa. Aurrelanketaren nekeak izan dira zailenak eramaten. Baina argitara irten da azkenean, kirolaren eta bizitza osasungarriaren euskarazko plaza izateko. Berri-berri. Dotore. Gozatzeko eta gozarazteko prest.

Ongi etorri kirolerrota.eus!

Zerbitzu anizkoitzeko euskarazko webgune berria duzu hau, kirol-praktikaren eta bizitza aktiboaren inguruko komunitate birtualak sustatzea helburu duena. Euskaraz gehiegik ez bezala. Osasuna hiru erpinetan kokatuta ulertzen da egun: elikadura osasungarria, kirola eta atsedena. Ildo horretatik, gorputz-ariketa proposamenak, nutrizioa, elikadura, bertako eta garaiko produktuekin errezetak… topatuko dituzu kirolzaleen plaza birtuala izan nahi duen honetan.

EDUKIAK:

  • ALBISTEAK: aktibitate fisikoarekin lotutako askotariko albisteak eta erreportaje laburrak argitaratuko dira atal honetan.
  • BIZITZA OSASUNGARRIRAKO GIDALIBURUA: kirolak osasunean eta bizitza-kalitatean duen eragin positiboa du. Bakarka edo taldeka, euskaraz, nork bere erritmora egokituta eta eskaintza dibertigarri eta osatuarekin, forma fisiko eta tonu onean egotea posible da. Bizitza-ohitura osasungarrien pautak edo dekalogoa dituzue eskura atal honetan. Kirola ekipo baten barruan edo nork bere kasa egoki praktikatzeko jarraibideak jarri dira kontsultatzeko moduan menuko atal horretan. Kirol-jardueraren inguruan errotuta dauden zenbait mito bertan behera uzteko balio duten gomendioak ere badaude tartean, aipatu kirolari onaren dekalogoaz gain. Gida praktikoa eta erabilgarria izatea nahi da (kirol-taldeentzat ere erreferentzia polita izan liteke, portaeran eta jarreran baldintzatzaile diren elementuak jaso direlako bertan eta jokabide egokien bideratzaile diren jarraibideak topatuko dituztelako bertan, taldeetako kideen eta zaleen artean zabaltzeko modukoak).
  • NUTRIZIOAREN EGITURAKETA: elikaduraren piramidean oinarrituta, argibideak bildu dira atal honetan. "Zein jaki dira aberatsak karbohidratotan?", "Organismoak eskuratutako energia osoaren zer ehuneko eratorri behar da proteinetatik?", "Zenbat bitamina-mota daude?", "Kirola egin aurretik ura edatea ona al da?", "…?". Halakoekiko jakinmina asetuko du herritarrak atal horretan.
  • ERREZETA OSASUNGARRIAK: kirolak elikadura osasungarriarekin lotura duenez, errezeta osasungarrien atala atondu da webgunean. Kirolarientzako moduko errezeta osasungarriak eta arinak dira, baina baita kirolari ez direnentzat ere.
  • KIROL ERROTA GIMNASIOA: Durangon kokatuta dagoen espazio fisikoan bateratuta dauden zerbitzu eta azpiegituren berri zehatza izango duzu webgune honetako goiko menu-barrako ataletan klikatzen baduzu. Ikastaro-eskaintza, bazkide egiteko modua, prezioak, informazio praktikoa...

Hastea da beti zailena. Baita kirolean ere. Baina merezi du hastea. Webgune hau horren lekuko. Ekin eta ikusiko duzu. Zatoz gurera!