Bizikletaren alde gaude. Eta zu?
Durangaldeko Mankomunitateak bizikletaren erabilera eta mugikortasun aktiboa sustatzeko erronka ezarri dio bere buruari. Bizikletaren eguneroko erabilera sendotzera zuzendutako proiektuetan eskualdeko ahalik eta erakunde eta eragile gehien inplikatzea da abian den estrategiaren asmoa, horrela ekintza horien irismena eta eragina handitzeko.
Mankomunitateak Cycle Friendly Employer ziurtagiria bere lurralde-esparruan zabaltzeko asmoa du. Ziurtagiri hori Txirrindularien Federazio Europarrak Europa mailan bultzatu duen proiektu baten barruan dago.
Bizikletaren alde konprometituta
Ekainean ekin zitzaion ekimenari eta hasieratik da bertako partaide Kirol Errota gimnasioa. Hasteko, ekainaren 3an, Bizikletaren nazioarteko egunean, egitasmoa aurkezteko antolatutako jardunaldietan hartu zuen parte Kirol Errota gimnasioak, Iurretako Ibarretxe kultura-etxean. Harrezkero egindako saioetan hartu du parte, eta, tartean, uztailean, atxikimenduaren eta konpromisoaren ziurtagiria eskuratu dugu, eskualdean bizikleta erabil dadin egin dugun lana aitortzeko. Bizikleta erabiltzeko xedez kanpaina egin da irailean. Kanpaina horretan irabazle irtendakoei egindako sari-ematean ere, urriaren 7an, bertan izan gara.
Carlos Martín Estatu mailako Cycle Friendly Employer programaren koordinatzailea, Aitzol Fernández Bike Innovation Hub-eko presidentea eta Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitateko lehendakaria dira ekimenaren bultzatzaile nagusiak. Durangaldearen beharrak hautematea eta beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak martxan jartzea izango da aurrerantzean helburua, denon artean Durangaldean bizikleta eta mugikortasun aktiboa, iraunkorra, garbia, ekonomikoa, osasungarria eta segurua sustatzeko.
Bizikletazale porrokatua bazara (edo ez, baina bideari ekin nahi badiozu), jarri Kirol Errota gimnasioarekin harremanetan eta elkarrekin egingo dugu bidegorrian aurrera.