Bizikleta baldintza onean izateko aholkuak
Nori ez zaio gertatu, denboraldi batean bizikletan ibili gabe egon ondoren, bizikletan ibiltzen hasi eta gurpila zulatzea? Ohiko arazoetako bat izaten da hori, baina gehiago ere badira. Ondorengo lerrootan, bizikletaren oinarrizko mantendimendurako gomendioak emango ditugu, bizikleta beti baldintza onean eduki eta arazoak ekiditeko.
Gurpilak
Gurpiletako haizezko kamara porotsua izaten da eta hustu egiten da. Beraz, hilabetero edo, gurpilak ondo puztuta daudela ziurtatu behar dugu. Erdi hutsik baldin badago, espaloi ertzen bat joz gero, zulatu egingo da kolpeagatik.
Gurpilen presioa, bolumenaren araberakoa izaten da. Hala ere, erreferentzia bezala, mendiko bizikleten gurpilen presioa bi kilo ingurukoa izatea komeni da; errepidekoarena, 7-8 kilo; eta paseokoena, 4 kilo inguru.
Gurpilei lotuta, beste arazo bat ere izaten da, saltoka ibiltzen direnen kasuan: gurpiletako erradioak lasatzea. Beraz, berandu baino lehen, lasatzen hasten direnean, berehala tentsatu behar dira erradioak. Bestela, denbora pasatzen utziz gero, ezinezkoa izan baita gurpil hori konpontzea.
Katea koipeztatu
Hilean behin gutxienez, edo bustitzen den bakoitzean, kateari olioa eman behar zaio. Transmisio lekuetan olio pixka bat bota eta trapua pasatzearekin nahikoa da. Bizikletaren «etsai» txarrena herdoila da, eta herdoila busti eta oliorik botatzen ez denean sortzen da. Herdoila sortzen denean osagaiek ez dute ondo lan egiten, edo zarata aterako du.
Katea ondo olioztatzearekin batera, katearen luzerari ere begiratu egin behar zaio. Izan ere, gehiegi luzatuz gero, piñoiak eta platoak ere hondatu egiten dira. Kilometroen arabera luzatzen da katea. Esate baterako, zikloturismoan dabiltzanen kasuan, 4.000 kilometro egindakoan komeni izaten da katea aldatzea; mendian ibiltzen direnak, 1.500 km egindakoan; eta bizikleta elektrikoa dutenek, 1.000 km egindakoan.
Balaztak
Balaztei edo frenoei eman eta bizikleta ez bada bat-batean gelditzen, bi arazo izan ditzake bizikletak: takoa gastatuta izatea edo kablea destentsetatuta egotea; diskodun frenoen kasuan, pastillak gastatuta edo likidoaren falta izatea. Bizikleta elektrikoen kasuan, pastillak asko gastatzen dira, bizikletak pisu handia duelako.
Torlojuak
Bizikleta berria denean, lehenengo hilabetean gerta daiteke torlojuak lasatzea, baina bere puntua hartzen duenean ez dago arazorik. Arazo gehiago izaten da, pieza bat manipulatu eta gaizki jartzea, edo torlojua behar bezala ez estutzea. Jendeak normalean gehiegi estutzen du torlojua, askotan gainera, giltza desegokiarekin. Torlojuaren burua borobilduta izateak arazo gehiago ematen du.
Bizikleta garbitzeko gomendioak:
- Paseoko bizikleta. Herrian ibiltzen dugun bizikleta nahikoa da hilean behin trapu batekin garbitzea.
- Mendikoa. Mangera edo presioko makinarekin kendu beharko zaio lokatza, nahiz eta bizikleta batentzat ura «etsaia» izan. Beraz, bizikleta urarekin garbitu ondoren, piezak ondo olioztatu behar dira. Bestela, ura bertan geratzen denez, katea eta errodamentuak hondatu daitezke.
- Errepidekoa. Eguraldi onarekin ibiliz gero, hamabost egunean trapu bat pasatzearekin nahikoa da. Baina egun euritsu batean, errepideko zikin guztiak jasoko ditu. Beraz, trapu batekin garbitzea daiteke, eta baita ontziak garbitzeko xaboiarekin ere, koadro guztia xuabe-xuabe garbituz ahalik eta urik gutxienarekin xaboia kenduz.
[Artikulu hau Goiberri aldizkariaren 2020ko azaroaren 13ko alean argitaratu zen: http://goiberri.eus/]