Teknologia kirolaren mesedetan
Durangoko KirolErrota gimnasioak proiektu berritzailea abiarazi du teknologia kirolaren mesedetan jartzeko. Hain zuzen ere, KirolErrotak eta Wellk enpresak lankidetza-akordioa sinatu berri dute kirolzaleen premiei IKT tresnak erabilita erantzuna emateko. Proiektu aitzindaria garatuko dute 15 hilabeteko epean.
Wellk egitasmoak kiroldegiak gaur egun ulertzen ditugun modua iraultzea bilatzen du, eta kirol-jarduera areagotzea teknologia berritzaileak erabiltzearen bitartez. Horixe bera da KirolErrotak ere bultzatzen duena: jendartea aktiboa izatea, jarduera fisikoa praktikatzea eta bizitza-ohitura osasungarriak eragitea. Horregatik, indarrak batu eta dinamika aitzindaria abiatuko dute Wellk-ek eta KirolErrota gimnasioak. Jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak areagotzeko proiektua garatu eta inplementatuko da, 2021eko apirilean bertan hasita. 2022ko ekainera arte luzatuko da.
Estreinako aldia izango da halako ekimena gimnasio batean ezarriko dena. Jarduera fisikoaren bitartez inklusioa, aire zabaleko nahiz espazio itxitako kirol-praktika eta taldeko ekintzak dira sustatu nahi direnak. Baina pertsonalizazioa eta kide bakoitzaren araberako motibazioa zein partaide ororen irisgarritasuna bermatuta, betiere. Horretarako, kirol-praktika bizitzeko eta berau planifikatzeko modu berria proposatuko zaie laster Kirol Errotako egungo erabiltzaileei eta aurrerago etorriko direnei.
Kirol Errota gimnasioan ezarriko den metodologiak 2 helburu izango ditu: batetik, ikasle eta irakasleen jarduera fisikoaren maila areagotzea, eta, aurrerago, herritar ororengana zabaltzea asmo hau. Bestetik, Kirol Errotako bezeroen esperientzia hobetzea.
Dinamikaren urratsak:
- Lantaldeak osatu: Durangaldeko herritarrak, eskualdeko kirolariak eta kirolzaleak, KirolErrotako bezeroak eta bezero ohiak, Ibaizabal Ikastolako langileak eta ikasleak, e.a.
- Diagnostikoa egin: eskaeraren eta eskaintzaren analisia, eta KirolErrota gimnasioaren ahulgune eta indar-guneak identifikatu.
- KirolErrota ezagutarazteko eta bezeroak erakartzeko marketing-plana diseinatu.
- Herritarrak aktibatu: behar eta interes espezifikoak ezagutu.
- Ekintza-planaren ko-kreaziorako tailerrak bideratu eta 2021/2022 ikasturterako eskuhartzeak definitu.
- Mugikorretarako aplikazio bat erabiltzaileen esku jartzea (testatu). App horrek norbere errendimendua neurtzeko eta erregistratzeko aukera emango du, eta hurbileko jendearekin kirolaren gaineko interakzioa ahalbidetzeko. Gainera, aplikazioak denbora errealean esango die KirolErrotako erabiltzaileei zenbat jende dagoen unean-unean gimnasioan, kirol-erronkak ere planteatuko dizkie, eta kirola elkarrekin eta taldean egiteko planak ere proposatuko dizkie. Hala, hilean bizikletaz kilometro-kopuru jakin bat egiteko proposamena jasoko dute aplikazioa instalatuta dutenek, esaterako, eta norgehiagoka horretara batzeko aukera izango dute, inguruko beste kide batzuekin batera. Norberak ere, noski, proposamenak sortzeko eta hedatzeko aukera izango du. Adibidez, tenisean aritu nahi duenak, aplikazioan plan-proposamena sartu eta horretara lagunak batu daitezen aukera emango du, egun eta ordu jakinetan elkarrekin partidak jokatzeko.
- Proiektu pilotua den aldetik, plangintza hau aldatzeko modua egongo da prozesu osoan zehar, dela ideia berriak sortzen direlako, dela erabiltzaileen artean orain aurreikusi gabeko beharrak antzematen direlako. 2022ko ekainean proiektuaren emaitzen analisia egingo da. Era berean, KirolErrota gimnasioan egindako eskuhartzetik ikasitakoa eta eskuratutako ondorioak pareko beste ekimen batzuetan txertatuko dira, izan ere, KirolErrotako dinamika bide-erakusle izango da, aitzindari eta bidegile den neurrian.
INFO GEHIAGO: