Interneta bidelagun kirolean (ere)

Gauza jakina da arlo ia guztien inguruko informazioa kontsulta litekeela gaur egun online. Kirolerako ere, aliatu paregabea da internet. Kirolari eta kirolzale askok dakite hori, eta aldiro jotzen dute sareak eskaintzen dituen aukera ugariak baliatzera. Albiste honetara interneten euskaraz dauden webgune erabilgarri horietako gutxi batzuk ekarri ditugu zuentzat. Jarraian dituzu zerrendatuta. Dena den, ez ahaztu kirola modu egokian praktikatzeak adituen arreta eta aholkularitza eskatzen dituela, eta ez dela komeni nork bere kasara antolatzea jarduera fisikoa, akats larriak egin eta gure osasuna kaltetzeko arriskua izan dezakegulako. Horregatik, online jasotako informazioa aditu batekin kontrastatu beti, hark argituko baitizu egokien zen den zuretzat propio eta lortu nahi duzunerako baliagarriena, aholku unibertsal eta orokorretatik ihesi.

Adinaren arabera antolatu beharra dago kirol-praktika, eta, adina gorabehera, pertsonatik pertsonara egoera alda litekeen arren, badira gomendio orokor batzuk adin-tartearekin lotuta eman litezkeenak. Eusko Jaurlaritzaren honako webguneak bizimodu osasungarriaren inguruko informazioa ematen du: jarduera fisikoa haurtzaroan, 6-17 urte-bitartean, 18-64, 65 urtetik gora, elikadura osasungarria, jokabide osasungarriak, e.a. KLIKATU HEMEN.

Elikadura egokia izatea eta jarduera fisikoa egitea dira osasuntsu egoteko gakoak. Bi elementu horiek uztartzen dituzten hainbat material daude irakurtzeko moduan webgune honetan. Obesitatea eta dieta, adin-tarte desberdinetan jarduera fisikoaren eta elikaduraren bidez osasuna sustatzeko gidak, e.a. KLIKATU HEMEN.

Kirol-praktika adinera egokitu behar dela esateak ez du inondik inora esan nahi adin batetik aurrera kirola egin behar ez denik. Justu alderantziz. Gipuzkoako Foru Aldundiak berariazko proiektua du adineko jendeak kirola egin dezan bultzatzeko: Adinberri. Proiektu horren barruan kokatu ziren ETB1ek Adinberri izenarekin emititutako programak. Arrakasta handia izan zuten, eta webgunean daude orain guztiak ikusgai. Adineko jendearentzat bakarrik ez, guztiontzako moduko ariketak dira, eta ederki asko konbinatzen dituzte aktibitatea eta erlaxazioa, bideo amenoetan. KLIKATU HEMEN.

Mugiment: Eusko Jaurlaritzak, Osakidetzak, foru-aldundiek eta hainbat udalek sortutako plataforma da, pertsonak aktibo egitea helburu duena. Ekimenak, gidak, txostenak eta bestelakoak biltzen ditu webgunean, den-denak jarduera fisikoa areagotzeko lagungarriak eta praktikoak. KLIKATU HEMEN.

HABEren ekimena den Ikasbil programan badira zenbait audio, eta tartean kirolarekin lotutakoak ere bai. Podcast modura ere balio lezake. Adibidez, HEMEN KLIKATUTA.

Atari honetan hainbat informazio eta baliabide topatuko dituzu denak batera biltegiratuta, oso erabilgarri gertatuko zaizkizunak: arnasketa- eta erlaxazio-ariketak, ariketa fisikoa etxean egiteko proposamenak eta telefono-aplikazioak, kirol-modalitate desberdinen fitxak (areto-futbola, atletismoa, judoa, paddlea...), e.a. KLIKATU HEMEN.

 

Ez ahaztu, ordea, KirolErrota gimnasioan zuri aholkularitza pertsonalizatua emateko prest ere bagauzkazula. Ekinean hasi aurretik, eragin buruari: aztertu, pentsatu eta plangintzatu egitera zoazena.

Etiketak: