ORBEA bizikleta elektrikoak eta ABUS materiala probatu nahi al dituzu?
Durangaldeko Cycle Friendly Employer erakundearekin batera ari da KirolErrota gimnasioa lanean, eskualdean bizikletaren erabilera sustatzeko. Hainbat ekintza egin dira orain arte programa horren barruan, eta hurrena irailaren 17an izango da: jardunaldiak.
Jardunaldietan bizikletaren erabilera areagotzeko ekintzak aurkeztuko dira. Badakigu etxetik lanera egiten diren joan-etorrietan erabil daitekeela bizikleta, baita aisialdian kirola praktikatzeko ere, baina laneko barne-ibilbideetan ere erabil daiteke.
Batzuk zein besteak oso interesgarriak eta onuragarriak dira, eta horregatik, mezuak eta informazioa zabaldu nahi ditugu, joan-etorri horien onurak ikusteko.
Jardunaldietan Abus https://www.abus.com/es , Bikefriendly Group https://bikefriendly.bike eta Orbea https://www.orbea.com/es-es/ izango dira hizlariak, eta 2 ordu eta erdiko saio presentzial bat prestatzen ari gara, materialak, ekipoak eta bizikleta elektrikoak aurkeztu eta probatzeko.
Jardunaldi horien jarraipen gisa, KirolErrota moduan CFE ziurtagiria duten erakundeek 3 ORBEA bizikleta elektriko eta ABUS materiala probatzeko aukera izango dugu 2 astez, lanaren esparruan bizikletaren erabilera sustatzeko elementu izan daitezen.
KirolErrotako erabiltzaileetako edonork du aukera material horiek probatzeko. Beraz, interesa izanez gero, jarri gurekin harremanetan guztia antolatu ahal izateko (info@kirolerrota.eus): material horiek nola erabili, COVIDen aurkako prebentzio-prozedura… Eta pedalkadek jarrai dezatela!