Udan kirola egiteak dakarzkigun onurak (...eta gure gomendioak)
ikasadmin,
Uda garai ezin hobea da erlaxatzeko eta klimaz, aisialdiaz eta oporrez gozatzeko. Hala ere, aprobetxatu eta jarduera fisikoa praktikatzeko ere sasoi egokia da, onura ugari ematen baititu. Baina, zein dira udan kirola egiteak dituen onurak?
ONURA KARDIOBASKULARRAK
UR-KIROLAK HOBETO
Hasteko, ez dezagun ahaztu udan zehar, gainera, eguraldi onak aukera gehiago eskaintzen dizkigula kirolaz aire zabalean gozatzeko, eta hori COVID-19aren kontrako neurri aproposa da. Garai honetan tenperaturak gora egiten duenez, askatasun handiagoz egin ditzakegu uretako kirolak, eta mota horretako kirolak osasun kardiobaskularrerako bikainak dira. Kirola egitean sistema kardiobaskularrarentzat mesedegarri zaizkigun onuretako batzuk honako hauek dira:
- Bihotzaren eraginkortasun energetikoa hobetzen du, hau da, bihotzak energia gutxiago erabiltzea eragiten du lan bera egiteko.
- Presio arterialaren kontrol handiagoa ahalbidetzen du, murriztu egiten duelako.
- Arteria-ontzi berriak garatzea ahalbidetzen du, miokardioari (gure bihotzari) odola eta mantenugaiak ekartzen laguntzeko.
- Bihotzeko muskuluaren zirkulazioa estimulatzen du.
- Gorputzeko muskulu guztien zirkulazioa handitzen eta hobetzen du.
- Zain-sistemaren funtzionamendua hobetzen du, eta, beraz, barizeak eta tronboak agertzea saihesten du.
- Endotelioaren jarduera hobetzen laguntzen du.
- Bihotzeko patologien agerpena prebenitzen du.
- Koaguloen eraketa gutxitzen du.
- Kolesterol orokorraren mailak murrizten ditu.
- Azukre-mailak behera egiten du, diabetesa bezalako gaixotasunak hobetuz.
- Arrisku kardiobaskularreko faktoreak hobetzen ditu, hala nola gehiegizko pisua edo obesitatea, azukre- eta kolesterol-maila altuak, estresa eta hipertentsioa.
Onura horiekin guztiekin argi geratzen da kirola aliatu handia dela osasun kardiobaskularra zaintzeko eta, oro har, osasunerako. Izan ere, oso tresna garrantzitsua da edozein gaixotasun-mota prebenitzeko, baita beste gaixotasun batzuen progresioa hobetzeko ere.
ERRUTINAREN GARRANTZIA
ERRUTINAREN GARRANTZIA
Horregatik, jarduera fisikoa erregulartasunez egitea onuragarria da urteko edozein sasoitan, eta hori gomendatzen dute aditu guztiek. Zer kirol-jarduera aukeratu onura horiek guztiak lortzeko? Adituen arabera, gure diziplina ez da hain garrantzitsua. Diziplina bera baino, diziplina hori behar den maiztasunarekin praktikatzea eta denboran zehar egitea da gakoa, gure ezaugarri indibidualetara egokituz betiere, noski. Horregatik, mugimenduak eskatzen dituen eta lesioak saihesteko gutxieneko kontrola duen edozein jarduera gomendagarria da konstanteak bagara eta gure asteko errutinan sartzen badugu. Oro har, astean 150 minutuko intentsitate ertaineko jarduera fisikoa edo 75 minutuko intentsitate handiko jarduera fisikoa egitea gomendatzen zaie helduei. 5 eta 17 urte bitarteko haurren kasuan, iraunaldia handiagoa izan behar da. Gomendagarria da egunero 60 minutuan jarduera fisikoa egitea, intentsitate moderatu edo sendoarekin. Udan, bereziki, ongi erreparatu intentsitateari, eta, bide batez, gogora dezagun atseden hartzea ere kirola egitearen parte dela.
KIROLA EGITEKO ORDUTEGIA
ARROPA ETA EKIPAMENDU EGOKIA
Udan, ordea, kontuz: tenperatura altuek, gehiegizko hezetasunak eta eguzki-esposizioak eragin negatiboa izan dezakete. Hori dela eta, eguzki gutxien dagoen orduetan ariketa fisikoa egitea gomendatzen da, horretarako arropa egokiarekin (ahaztu gabe oinetako egokiak ere erabiltzea), garai honetako bero-kolpeak prebenitzen baitira horrela jardunda. Hain zuzen ere, tenperatura handieneko orduak udan 12:00etatik 17:00etara dira, beraz, ordu-tarte horretan kirola egitea saihestea inportantea da. Komenigarriena goizeko lehen orduetan edo ilunabarrean egitea da. Gainera, azkena aipatutako ordu horietan eginez gero kirola, kutsadura txikiagoa da (ozono-metaketa, zehatzago esanda) eta jarduera fisikoa mesedegarriagoa. Hori bai, eguzki-izpiez babesteko krema beti eman, eta aldiro eman berriro, izerdiarekin joan egiten baita. Kirola kanpoan eginez gero, burua beti babestuta eraman, horrek insolazioen kontra egiten du-eta.
HIDRATAZIOA
Bestalde, udan kirolen bat egiten bada, funtsezkoa da deshidratazioa prebenitzea. Horretarako, likidoak etengabe barneratu behar dira organismora, jarduera fisikoarekin urteko beste sasoi batzuetan baino ur gehiago galtzen baita izerdiaren bidez. Ura eta edari isotonikoak ez dira falta behar. Komenigarriena da bi ur-edalontziren baliokidea edatea hasi baino lehen, eta tarteka-tarteka geldialdiak egitea beste horrenbesteko ur-kantitatea edateko.
Deshidratazio larriari lotutako arazo nagusia da gure giltzurrun-funtzioa honda dezakeela, eta muturreko beste gertaera batzuk ager daitezkeela, baita bihotz-mailan ere. Baldintza basaletan, egunean bizpahiru litro ur edan behar ditugu, baita egarri ez bagara ere. Kirola egin behar badugu, egokiena da gure eskakizunetara egokitutako hidratazioa izatea kirola egin aurretik, bitartean eta ondoren, eta hobe da zurrutada txikitan egitea.