Egoeraren diagnostikoa eta Estrategia berria KirolErrota Gimnasioan
Sektore sanitarioaren eragin-eremutik kanpoko faktoreek eragiten dute batik bat pertsonen osasunean. Bizitza-ohitura osasungarriak eta aktiboak izatea, eta sedentarismoa deuseztatzea edo, behintzat, murriztea –bere ondorio kaltegarrien intzidentzia apaltzeko– dira gutako bakoitzaren esku dauden bitartekoak kalitate handiagoko bizimodua izan dezagun.
Herritarrek jarduera fisikoarekiko duten iritziaren eta portaeraren gaineko landa-lana egin nahi izan du KirolErrota Gimnasioak, egoeraren diagnostikoa eginda, jendearen beharretara egokituko den eskaintza osatzeko.
GARAPEN-FASEAK:
Hasteko, egitasmoa gidatzen lagunduko duten lantaldeak osatu dira. Lantaldeetako bat Ibaizabal Ikastolako ikasleek osatu dute, kirolaren sustapena gaztetatik hasi beharra dagoelako. 2021eko apirilean aurkeztu zitzaien Ikastolako ikasle guztiei proiektua. Hasierako diagnostikoa egiten lagundu dute lantaldeek, baina, lantaldeez gain, publiko edo target desberdineko laginak ere hartu dira abiapuntuko egoera zein den ahalik eta argien ezagutzeko: Durangaldeko biztanleria errepresentatu dezakeen lagina, KirolErrota gimnasioko bezeroak eta bezero ohiak eta Ibaizabal Ikastolako langileak, ikasleak eta etorkizuneko ikasleak dira diagnostikoa egiten lagundu duten agenteak.
Hartzaile eta hartzaile potentzialekin analisia egin da, eskaeraren eta eskaintzaren analisia erauzi da, KirolErrota gimnasioaren ahulgune eta indar-guneak identifikatu dira eta, fase hau bukatzeko, gimnasioa ezagutarazteko eta hartzaileak erakartzeko marketing-plana diseinatu da.
Beste fase bat herritarrak aktibatzeari begirakoa izan da osorik. Kasu honetan ere, jende-multzo bakoitzaren premiak desberdinak izan litezkeelakoan, atalka jorratu dira eragite-aukerak: Ibaizabal ikastolako langile, ikasle eta etorkizuneko ikasleekin; eskualdeko kirolari eta kirolzaleekin; e.a. Behar eta interesak ezagututakoan, ekintza-planaren ko-kreaziorako tailerrak bideratu eta 2021/2022 ikasturterako eskuhartzeak definituko dira (hasita gaude horietan guztietan dagoeneko, baina urtebete osoa hartuko du kanpainak, 2022ko ekainera arte).
Dinamikaren faserik garrantzitsuenari 2021eko irailean eman zaio hasiera. Orduan izan da berrikuntza-ekimenak Ikastolan ezartzen hasi diren fasea. Mugikorretarako aplikazio bat jarriko da erabiltzaileen esku laster, eta hartzaile-taldeekin aplikazio hori testatuko da. App horrek aukera handiak eskainiko ditu norbere errendimendua neurtzeko eta erregistratzeko, eta hurbileko inguruarekin kirolaren gaineko interakzioa ahalbidetzeko. Gainera, aplikazioak denbora errealean esango die gimnasioko erabiltzaileei zenbat jende dagoen unean-unean gimnasioan, kirol-erronkak ere planteatuko dizkie, eta kirola elkarrekin eta taldean egiteko planak ere proposatuko dizkie (kirolerako sare sozial moduan). Hala, hilean bizikletaz kilometro-kopuru jakin bat egiteko proposamena jasoko dute aplikazioa instalatuta dutenek, esaterako, eta norgehiagoka horretara batzeko aukera izango dute, inguruko beste kide batzuekin batera. Norberak ere, noski, proposamenak sortzeko eta hedatzeko aukera izango du. Adibidez, tenisean aritu nahi duenak, aplikazioan plan-proposamena sartu eta horretara lagunak batu daitezen aukera emango du, egun eta ordu jakinetan elkarrekin partidak jokatzeko. Gamifikazio-teknikak ere txertatuko dira aplikazioan, erakarmena areagotu eta erabiltzaileak fidelizatzeko. Guztiz berritzailea da ekimen hau.
Aldi berean, irailean hasita, eta aurreko asteetan/hilabeteetan egindako diagnostikoan jasotako emaitzetan oinarrituta, kirol-ikastaroen eskaintza ugaritzeari ekingo zaio: haurrei tenis/padela ematen hasi zaie, ikastaro-eskaintza berrikusi da (zer ikastaro, ordutegiak…)…
Ikasturtean zehar, eskuhartzeak bideratuko dira: adibidez, urrian bizikleta elektrikoa probatzeko aukera eman da, apirilean “30 egun bizikletaz” kanpaina egingo da, e.a.
Proiektu pilotua den aldetik, plangintza hau aldatzeko modua egongo da prozesu osoan zehar, dela ideia berriak sortzen direlako, dela erabiltzaileen artean orain aurreikusi gabeko beharrak antzematen direlako. 2022ko ekainean proiektuaren emaitzen analisia egingo da. Era berean, egindako eskuhartzetik ikasitakoa eta eskuratutako ondorioak pareko beste ekimen batzuetan txertatuko dira, izan ere, honako dinamika bide-erakusle izango da, aitzindari eta bidegile den neurrian.
EMAITZAK:
Hasteko, ikasleen lantaldea sortu zen (25 ikasle, boluntarioki). Inkesta kuantitatiboa (55 ikaslek bete dute, ikasleen kirol-maila, praktika-ohiturak eta -patroiak identifikatzeko) eta inkesta sakonean (45 minutuko 6 elkarrizketa) deritzatenak erabili ziren. Eta ideien balidazio-erraminta ere bai amaieran (13 ikasle eta irakasleri galdetu zaie kirola egitera motiba ditzaketen ezaugarrien eta kontrakoen inguruan). Horien guztien emaitzak dagoeneko gure esku daude: grafikoak, AMIA…
Diagnostikoan oinarrituta, kirola praktikatzeko ikastaroen aukera ugaritu da irailean (TRX, Ciclo, HIIT, Tono, Body stretch, GAP, tenis/padel Kluba).
Ebaluazioan lagunduko duten datuak 3 iturritatik eskuratu ditugu: behaketatik, gure lanetik (zereginak egin ditugun, asistentzia…) eta inkestetatik (asegarritasun-galdetegia ikasleei, familiei, ikastaroetako eta gimnasioko erabiltzaileei, e.a.). Azkenik, faseen atalean esan bezala, abiapunturako erabili dugun diagnostikoa egiteko, bestelako teknikak baliatu ditugu:
2 kasu edo helburu jorratu dira: Ibaizabal Ikastolaren posizionamendua kirol-arloan ezagutzea, batetik; eta ikasleriaren eta irakasleriaren jarduera fisikoa areagotzea, egungo parametroak ezagututa, bestetik.
2 helburu hauek betetzeko kaleko elkarrizketak, behaketa-teknika eta lekuko elkarrizketak erabili dira. 132 pertsona elkarrizketatu ziren kalean; 4 egunez, goizak eta arratsaldeak desberdinduta, horretarako propio kontratatutako pertsona batek behaketa pasiboa egin zuen Gimnasioan; KirolErrotan bertan 19 laguni egin zitzaien aurrez aurreko elkarrizketa kirola egiten hasi aurretik ala ondoren.
Egin dugun azterlanaren emaitzen arabera, hainbat dira KirolErrota Gimnasioa dagoenik ere oraindik ez dakiten auzotarrak eta, hori dela eta, ezagutarazpenerako euskarriak egin beharra dago (potentzialtasuna errealitate bihurtzeko). Urriaren amaieran, esaterako, Durangoko etxe guztietara buzoneatuko da KirolErrota Gimnasioaren eskaintzari buruzko esku-orria. Ordainpekoak diren zerbitzuen prezioa ere oso garrantzitsua dela erantzun digute ikasleek, egin zaien inkestan (horretan ongi posizionatuta dago KirolErrota, kuota oso apalak baititu). Hala ere, tarifa-sistema berrikusi dugu, bonuak sortzeko. Azkenik, Durangon eta inguruetako herrietan kalean ausaz hartuta elkarrizketatu ditugun 132 pertsonen artetik, % 10ak esan digu COVIDagatik kiroldegietara joateari utzi diola. Beraz, ezaugarri edo egoera horretan ere, badirudi honakoa une egokia dela kirol-praktika (berriro) bultzatzeari ekiteko, pandemia-egoera arintzen ari baita. Hala uste baduzu, ez zalantzarik izan > eman izena KirolErrota Gimnasioan: https://forms.gle/