Jarduera fisikoaren onurak 3. adinean

Badakizu zein garrantzitsua den gure adinekoek ariketa fisikoa egitea? OMEren [Osasunaren Mundu Erakundearen] datuei errepararuz gero, ezinbestekoa da adineko pertsonek jarduera fisikoa egitea muskulu-sistema eta sistema kardiorespiratorioa okerragotzea saihesteko; hezur-osasuna eta osasun funtzionala nabarmen hobetzeko; hipertentsioa edo diabetesa bezalako gaixotasunei aurre egiteko; eta gure adinekoen bakardade-sentimenduaren aurka borrokatzeko. Eta xehetasunetan sartzen hasita, zenbat denbora egin beharko luke ariketa fisikoa adineko pertsona batek? OMEk gomendatzen duena da astean 150 minutu egitea jarduera moderatuan edo 75 minutu jarduera intentsiboan. Horri ekarpena egitera dator KirolErrota Gimnasioaren kirol-eskaintza berria.
 
Izan ere, 3. adinekoentzako "mantenimendu-saioak" eskaintzera doa KirolErrota Gimnasioa. Alegia, 3. adinekoei egokitutako jarduera fisikoko ariketa arinak bideratuko ditu begirale profesional batek asteartero, goizeko 10:00etatik 11:00etara. Saio hauek Durangoko KirolErrota Gimnasioko aerobik-gelan izango dira. Bertan izango dituzte baliabide guzti-guztiak ikastaroan izena ematen duten pertsonek, eta azpiegitura erabiltzeko aukera ere izango dute (aldagelak, dutxak, takillak...). Hilean 20 euro baino ez dira ordaindu behar.
 
>> Zergatik egin jarduera fisikoa hirugarren adinean?

Lehenik eta behin, dakigunez, zahartzearekin batera hainbat aldaketa gertatzen dira maila fisikoan. Zahartze osasungarria bizi nahi badugu, aldaketa guztiei erantzun beharko diegu, gure bizi-kalitatean ahalik eta eragin txikiena izan dezaten. Horretarako, gogoan izan behar ditugu bizitza osasungarriaren bi zutabeak: dieta orekatua eta ariketa fisikoa.

Asko dira adinak gorputzean eragiten dituen aldaketak. Oro har, sistema muskueskeletikoak zenbait alterazio jasaten ditu, eta, batzuetan, ez dira oztopo izango eguneroko bizitzako jarduerak garatzeko, baina beste patologia batzuekin konbinatuta, fisikoak zein kognitiboak, pertsonen mugikortasuna eta, beraz, autonomia zaildu dezakete.

  • Hezurrak. Hezur-dentsitatea murrizten da, eta, beraz, hezurrak hauskorragoak dira.
  • Muskuluak. Zahartzearekin lotutako muskulu-masaren galera da sarkopenia, eta muskuluen ahuleziaren kausa nagusietako bat da. Muskulu-masa murriztean, mugimenduek indarra eta erresistentzia galtzen dute.
  • Artikulazioak. Zurrunagoak bihurtzen dira eta mugimendu guztiak ez dira hain malguak izango.
Aldaketa horiek guztiek eragina dute gorputzaren jarreran, makurragoa izateko joera baitu, eta ibileran (ibiltzeko eredua), motelagoa eta ahulagoa izan baitaiteke. Bestalde, sistema kardiobaskularrari ere eragiten dio adinak, zahartzearekin lotutako patologiak eta desordena kardiobaskularrak areagotu egiten baitira.
 
>> Hirugarren adinean jarduera fisikoa egitearen abantailak:

Ariketa fisikoa, beti pertsona bakoitzaren baldintzetara egokitua, zuzenean lotuta dago hilkortasun-arrisku txikiagoarekin, asko baitira kirol-jarduera on baten onurak:

  • Bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua murrizten du.
  • Gorputz-pisu egokia mantentzen laguntzen du.
  • Gorputzeko koipearen proportzioa jaisten du.
  • Oreka metabolikoa hobetzen du.
  • Murriztu egiten da 2. motako diabetesa hartzeko arriskua.
  • Kolesterola kontrolatzen laguntzen du.
  • Immunitate-sistema indartzen du.
Gainera, maila psikologikoan eta kognitiboan ere hobekuntza asko ematen dira ariketa fisikoa egitean:
  • Endorfinak askatzen laguntzen du, ongizate emozionala errazten duten substantziak.
  • Estresa eta insomnioa gutxitzen ditu.
  • Depresio- eta antsietate-arriskua murrizten du.
  • Funtzio kognitiboa hobetzen du eta narriadura kognitiboa eta Alzheimerra bezalako dementziak prebenitzen ditu, besteak beste.
Ondorioz, muskulatura indartzean eta oreka hobetzean, nabarmen murrizten da erortzeko arriskua eta giharretako mina. Gainera, gorputzaren irudia hobetzean, irudi pertsonalarekiko onarpen eta gogobetetze handiagoa ikus daiteke, eta, beraz, autoestimu hobea.
 
>> 3. adinekoen bizitza-baldintzak hobetzeko moduan pentsatu eta prestatutako ariketak dira KirolErrota Gimnasioak antolatutako saioetan jorratuko direnak, hemen aipatu arrisku-egoerak murrizteko, batetik, eta esandako onurak baliatzeko, bestetik. Argibideetarako, info@kirolerrota.eus helbidera idatz dezakezu edo 94 6215877 telefono-zenbakira deitu. Zatoz eta eragin gorputzari!