Barazki-risottoa
400 g arroz, Arborio edo Carnaroli motakoa.
Kuiatxo 1.
Ziazerba sorta 1.
Azenario 1.
Tipulin 1.
2 baratxuri ale.
Tomatea.
200 g txanpiñoi.
Gatza.
Oliba olio birjina.
Parmigiano gazta.
Gurina, koilarakada bat.
1. Kuiatxoa eta azenarioa garbitu eta zuritu —azenarioa bakarrik—, eta karratu txikietan moztu. Baita tipulina eta baratxuri aleak ere.
2. Lapiko batean, oliba olio txorrotada bat bota, eta, ongi berotu ondoren, txanpiñoiak gehitu, pusketatan. Pare bat minutuz erregosi, eta, pixpal baten laguntzaz, guztiak atera, eta gorde. Lapiko berean beste olio txorrotada bat gehitu, eta barazki guztiak gehitu. Gatz pittin bat bota. Hogei bat minutuz erregosi, su motelean.
3. Ondoren, tomatea eta ziazerbak zatitan moztu, eta lapikora gehitu. Beste bost minutuz erregosi, eta nahastu.
4. Ondoren, arroza gehitu, eta ura ere bai, arrozaren kantitatea halako hiru. Beste gatz pixka bat bota, eta, irakiten hastean, gorderik ditugun txanpiñoi zatiak ere hor nahastu. Irakiten eduki, hogei minutuz. Kontuan hartu bost minutuan behin arroza ongi nahastu behar dugula. Sua itzali, eta 100 gramo parmigiano gazta birrundu eta gurin koilarakada bat gehitu; nahastu beste pare bat minutuz. Horrelaxe, prest izango dugu risotto goxo-goxoa dastatzeko.
Onddoak edukitzeko zortea baduzue, txanpiñoien ordez erabil ditzakezue errezeta honetan, noski!