Joko fisikoak taldean: erraz eta emankor
Mugimendua eta aktibitate fisiko apur bat eskatzen duten hainbat joko daude taldean egiteko bikainak direnak. Edonorentzat modukoak dira hemen behean proposatzen dizkizuegunak, eta, adi!, umeei soilik bideratutakoak direla uste izango bazenu, oso oker zaude; probatu eta ikusiko duzu zeinen ongi pasatuko duzun!
Dena ez da muskulazio-gelara joatea edo exigentzia handi samarreko ariketak egitea. Gorputza aktibatzeko, jokorik sinpleenak ere baliagarri gerta litezke, eta, gainera, ikusiko duzu taldean praktikatuz gero, joko edo ariketa horiek zure gorputza ezagutzeko, besteekiko interakzioa eratzeko, muskuluak luzatzeko eta dibertitzeko balioko dizutela.
Hemen dituzu adibide gutxi batzuk. Ia materialik gabe, baina espazio zabalean, taldean elkartuta praktikatzekoak dira; zenbat eta lagun gehiago elkartu, orduan eta gozagarriago! Esan bezala, ariketa fisiko gogorragoa egiteari ekin aurretik ere, aurretiazko luzamendu-ariketa modura oso ongi etorriko zaizkizu. Eta ez ahaztu irudimena bezalakorik ez dagoela… hauek oinarri bezala hartuta, zuk zeuk sor ditzakezu beste joko asko ere!
HARRAPAZANK
Helburua: kooperazioa-oposizioa.
Parte-hartzaile kopurua: talde handia.
Materialik ez da behar.
Garapena: espazio osoan zehar banatzen dira partaideak. Jokalari batek beste baten izena esaten du. Izendatutako jokalariak ihes egiten du, eta bere taldekideek babestu egin behar dute izendatu duen jokalariak harrapa ez dezan. Partaideetako batzuei estatiko egoteko funtzioa eman dakieke. Jende asko badago, ‘harrapatzaileak’ bat baino gehiago izan litezke.
ZENBAKI ETA MULTZO
Helburua: lankidetza-oposizioa, zenbakiekin lan egitea.
Parte-hartzaile kopurua: talde handia.
Materialik ez da behar.
Garapena: parte-hartzaile guztiek espazio jakin batean banatuta egon beharko dute (aldez aurretik mugatu espazioa zein izango den) eta mugimenduan, bakoitzak bere taldearen zenbakia daki. Ariketa hasteko, denak mugimenduan egongo dira (erabaki liteke mugimendu azkarrak izango diren ala pausatuagoak; edo musika jarriko den eta musikaren erritmoan izan beharko den, adibidez), parte hartzen ez duenak zenbaki bat adieraziko du eta talde horretako kide guztiak elkartu beharko dira. Puntu bat jasoko du ondoen eta azkarren egiten duen taldeak.
ZENBAT HAINBAT
Helburuak: jolaskideen izenak ikastea eta aktiboki dibertitzea.
Materialik ez da behar.
Garapena: denak aretoan zehar edo espazioan zehar paseatzen doaz arduradun izendatutako partaideak zenbaki bat esan arte. Aipatutakoaren kopuru bereko pertsona-taldeak osatu behar dira, eta, elkartutakoan, taldekoen izenak berehala esan. Horren ondoren, osatutako taldeak banandu egiten dira eta paseatzen jarraitzen dute zenbaki berri bat oihukatu arte.
BUELTA TORTILLARI
Helburuak: autobaieztapena edo autoberrespena bultzatzea, erresistentzia lantzea.
Materialik ez da behar.
Garapena: bikoteka egin behar da ariketa hau. Bikoteko kide batek bere burua lurrera bota behar du, ahoz behera, eta bikotekidea hari buelta ematen saiatu behar da (ahoz gora jartzen, alegia). Etzanda dagoenaren helburua da besteak ez lortzea buelta ematen. Horretarako, hankak irekiz lagundu ahal izango da, lurraren kontra presioa eginez, besoak luzatuz, e.a. Gero funtzioa trukatu beharko dute. Progresiboki, hasierakoa baino teknika sofistikatuagoa lantzen joango zarete nork bere helburua lortzeko; ikusiko duzu!
KATE-ADIERAZPENA
Helburuak: Energia gorputz osoko adierazpen batean kontzentratzea, talde-espiritua garatzea.
Materialik ez da behar.
Garapena: bi ilara paralelo egin behar dira, kide-kopuru berekoak biak, eta bakoitzak bere ilaran aurrean duenaren bizkarrari begiratu behar dio. Lerro bat norabide batean kokatu behar da eta bestea bestean. Ilara bakoitzak bere kasa funtzionatzen du. Txalo bat entzutean, ilarako lehenak jauzi batez jiratu beharra dauka, oihu jakin bat egin behar du eta gorputz osoarekin keinu bat egin beharra dauka, izoztuta geratu arte. Bigarrenek keinua eta oihua imitatu beharra daukate eta hirugarrenei transmititu gero, hurrenez hurren ilara osoak egin arte. Lehia kutsua eman nahiko balitzaio, lehenik bukatzen duen taldeari puntu bat eman dakioke; hala balitz, ‘behatzaile’ inpartzial bana izendatu beharko litzateke, epaile modura baloratuko duena zeregina zuzen bete dutela ilarako kide guztiek. Kirol-kontutan trebeak diren pertsonak baldin badira, partaide, erabaki liteke mugimendua edo keinua konplexutasun-maila jakin batekoa izatea. Gorputz-atal jakin bat landu nahi bada, adibidez gerritik beherakoak, mugimenduak horretara mugatu behar direla ados liteke.
MUSIKA-ONDORIOAK
Helburuak: lankidetza sustatzea, oreka, denbora-pasa atsegina izatea.
Materialik ez da behar (musika erreproduzitzeko aparailu bat izan liteke edo partaidek eurek abestea).
Garapena: partaide guztiak zutik direla, zirkulu bat osatu behar dute norabide berean jarrita (norabide berari begira guztiak, alegia), oso elkarrekin eta eskuak aurrean dutenaren gerrian dituztela. Musika hasten denean, ibiltzen hasi behar dira. Gelditzean, atzean duten pertsonaren magalean (belaunen gainean) esertzen saiatu behar dira. Gero eta azkarrago ibiltzea plantea liteke, zailtasun-maila areagotzeko, edo, eseri beharrean bakarrik, tarteko laguna beste biren artean eustea, edo besoak gorantz igota horizontalki altxatzea tarteko lagun hori, e.a.
…
Hauen moduko ariketa-eredu gehiago ezagutu nahiko bazenitu, jarri KirolErrotarekin harremanetan eta atseginez lagunduko dizugu.